Igo autora eta Uribeko Erdi Arorantz abia zaitez. Ondoren azaltzen dizkizugun interpretazio gune ezberdinak bisita itzazu eta garai hartako igarobideak, bitxikeriak eta gai ezberdinei buruzko gorabeherak ezagutuko dituzu.
Gune honek erlijioari buruzko hainbat alderdi erakutsiko dizkizu, garai arteko egunerokotasunaren ardatz nagusia hain zuzen, eta otorduetan eragin handia zuena. Garizumak, haratuzteek eta beste hainbat gauzak Bizkaiko garai hartako biztanleen sukaldaritzarako sorkuntza gaitasuna areagotu egiten zuten. Horretantxe dago gure gastronomia ospetsuaren hasiera.
Erdi Aroa lurreko merkataritzaren garaia izan zen, baina ez hori soilik, baita itsasokoa ere. Bizkaiko zur ona ontziolen lehengaia izan zen, garai hartako ontzi ohikoenak egiten zituztenak: galera eta belaontzia.
Gune hau leinuen arteko gerrei eskainita dago. Gerra horietan leinu batzuk Butroe Etxeko “oinaztarren” alderdian zeuden bilduta eta beste batzuk Muxika Etxeko “ganboarrak” alderdian.
X. mendetik aurrera benetako gizarte gerra izan zen honen historia zirraragarria ezagut ezazu, bai eta Bizkaiko dorretxe eta gazteluekin zerikusia duen guztia ere.
Gune honetan Erdi Aroan Bizkaiak zuen lurralde antolakuntzari buruzko informazioa aurkituko duzu. Nola sortzen zen Elizate bat, nola aitortzen zen Hiribildu bat, eta horiek biek Bizkaiko Batzar Nagusietan zeukaten eginkizuna.
Gizakiari buruz gauza gutxik adierazten dute gehiago bere janzkerak baino. Erdi Aroan koketeriaz aldatzen zuten arropa eta botoiaren moduko asmakizun handiak izan ziren. Interpretazio gune honetan gerrarako eta oherako jantziak ere ikus daitezke eta arroparen eta moraltasunaren arteko auzi zaharra ezagutu ere bai. Esate baterako, emakume baten esku biluzia ukitzeak 15 soldatako isuna zuen.
Interpretazio gune honen gaia Donejakue Bideak Uribeko lurretan duen ibilbidea da eta bere biztanleengan eta bizimoduan izan zuen eragina. Bisita horretan Errege Bideari buruzko argibideak ere jasotzen dira. Hain zuzen ere, ibilbide hori Gaztelako erregeek egiten zuten Bizkaiko Jaun ere ziren heinean.